Arabako Mendialdea Arabaren hego-ekialdean dago. Arabako zazpi kuadrilletan despopulatuena izaki, nortasun handia ematen dioten natura- eta ondare-elementuak dauzka. Bailara eta mendi txikien artean, Erdi Aroko hiribilduak daude, ondare arkitektoniko nahiz erlijioso aberatsari eusten diotenak, eta, azken aldian, toki horien iragana eta altxor biziak berreskuratzeko apustu irmoa egin da.
1927ko irailaren 23tik aurrera, Vasco-Navarro trenbidearen Gasteiz-Lizarra lineak, meategien instalazioetatik igarotzen zenak, nabarmen erraztu zuen asfalto naturalarekin egindako produktuak ateratzea.
‘Trenico’ deituriko tren txiki hura giltzarria izan zen meatze-jarduera sustatzeko, eta lorratz handia utzi zuen meatze-familien historian; oraindik ere, bizi-bizi kontatzen dute produktuak bagoietan nola garraiatzen zituzten.
Trenaren antzinako trazadurak naturara begirunez hurbiltzea bultzatu du, eta, aldi berean, sozioekonomikoki dinamizatu du Arabako Mendialdea.
Antoñanan, ‘trenicoa’ birsortu dute hiru bagoirekin, non Vasco-Navarro Trenbidearen Interpretazio Zentroa eta turismo-bulegoa kokatu baitira.
1998ko maiatzean, natura-parke izendatu zuten Izki ibaiak zeharkatzen eta mendiek inguratzen duten basogune zabal hau, eta benetan erakargarria da turismo ornitologikoa egiteko, pasieran ibiltzeko edota oinez, bizikletaz nahiz zaldiz ibilaldiak egiteko.
Korres da eremu babestuaren mugen barruan dagoen herri bakarra, eta, bertan, Izki Parke Naturaleko Interpretazio Zentroa dago.
Arabako Mendialdeak Erdi Aroko hiribilduetako kaleetan eta historiaz jositako txokoetan galtzeko aukera eskaintzen die bisitariei. Horren erakusgarri dira Antoñana, Urizaharra edo Lagran hiribildu zoragarriak, baita besteak beste Santikurutze Kanpezun, Maeztun, Bujandan edo Pipaonen ezkutatzen diren istorio erakargarriak erea.